Euskaltzaleen Topaguneak jarri du martxan webgunea. Oinarrizko hiztegia biltzen du, euskaratik beste 35 hizkuntzatara, eta alderantziz. Helburua, hainbat hizkuntzaren hiztunak elkartzea.
berria.info
2014-01-16
Euskaltzaleen Topaguneak hainbat urte daramatza euskara eta aniztasun gaiak jorratzen, etaHiztegitxoak.eu-ren bitartez pauso bat gehiago eman du. Webgunean 330 hitzekin osatutako oinarrizko hiztegiak eskuratu daitezke, eta zenbait hiztegi hizkuntza gutxituetan daude. Antolatzaileen esanetan, webgunea oso baliagarria da zenbait esparruetarako, adibidez, eskoletarako. Haren bidez, elkarren arteko ezagutza eta aitortza bultzatu nahi dute euskara erdigunean jarriz. Horrez gain, erabiltzaileak hizkuntza gehiagorekin elikatu dezake webgunea, hizkuntza berrien oinarrizko hiztegiak txertatuta.
Topagunea 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 96 euskara elkartek osatzen dute. Euskararen erabilera sustatzea eta euskararekiko sentsibilizazioa bultzatzea du helburu.
Webgunearen bidez, antolatzaileen nahia eta apustua da, "bakoitzak bereari uko egin gabe, euskara elkar ezagutzarako eta komunikaziorako hizkuntza izatea". Gainera, hizkuntza ezberdinetako hiztunen artean “zubi hizkuntza” euskara izatea bultzatu nahi dute. Munduan 6.500 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira; antolatzaileek adierazi dute Euskal Herrian “hizkuntz aniztasuna” dagoela, batez ere, azken urteetako migrazioaren ondorioz, eta “bakoitzak bere hizkuntza zaindu eta erabiltzeaz gain, beste hizkuntza batzuk ikastea” guztientzat dela aberasgarria.