Pello Añorgaren eta Jokin Mitxelenaren Munstroek pixa egiten dute ohean albumak irabazi du 2015eko Etxepare saria.
Pello Añorgak (Oiartzun, 1956) eta Jokin Mitxelenak (Donostia, 1962) aurkeztu duten Munstroek pixa egiten dute ohean albuma izan da 2015eko Etxepare sariaren irabazlea. Aipatzekoa da Añorgak eta Mitxelenak Etxepare saria irabazten duten bigarren aldia dela.
Epaimahaia Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek eta Mikel Valverde ilustratzaileak osatu dute.
Epaimahaikideen esanetan:
- Unez une eta lerroz lerro puzten eta puzten doan beldurra barre algara eta lasaitasun bihurtzen da, azkenean. Testua eta irudiak elkar josita datoz, jolasa motor eta emozioa kide direla. Musika darie hitzei eta bizia irudiei.
- Irudien plano eta perspektiba aldaketa bat datoz testuaren erritmoarekin. Garatzen doan kontaketari aniztasuna eta interes bisuala eransten diote.
- Piztiak bizi diren lekuan Maurice Sendaken obra klasikoari keinu egiten dion lana da.
Etxepare sarian 18 lan aurkeztu dira.
Saria: Sari bakarra eman da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan.
Argitalpena: Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2015eko udazkenean.
Saridunei buruzko informazioa:
Pello Añorga idazlea eta Jokin Mitxelena ilustratzailea 80. hamarraldiko erdialdean hasi ziren elkarlanean eta ordutik askotan osatu dute idazle ilustratzaile bikotea. 2006an Gerlari handia lanarekin irabazi zuten Etxepare saria.
Pello Añorga biografia eta argitaratutako lanak: http://www.galtzagorri.org/euskara/idazleak/pello-anorga-lopez