ETB1 kate autonomikoen bitartez sintonizatu ahalko da eta ETB2 tokiko kateen bidez
Euskal Telebistaren seinalea 1986ko otsailaren 28an iritsi zen estreinako aldiz Iruñerrira, Aralarko Mikel Donearen santutegian paraturiko antena bati esker. Urtetan eztabaida gai izan da Nafarroako indar politikoen artean, UPN etengabe saiatu da seinale hori gure etxeetara ez sartzeko mota guztietako oztopoak jartzen: neurri teknikoak eta ekonomikoak (isunak…), baldintza ideologikoak, legea propio aldatzea… Aurtengo apirilean moztu zuten ETBren seinalea Nafarroan, erregionalisten gobernuak lotuta utzitako trikimailu bat medio.
Hilaren 22tik aurrera berriz ere iritsiko da Euskal Telebistaren seinalea nafar etxeetara: ETB1 eta ETB2 ikusteko aukera egonen da. Seinalea berreskuratzeko lehen pausoa uztailaren 15ean eman zuten Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, lankidetza harremana sinatu zutenean. ETB1 kate autonomikoen bitartez sintonizatu ahalko da eta ETB2 tokiko kateen bidez. Dirudienez, Nafarroako eskualde guztietan egonen dira ikusgai ETBren kanalak, baina ez kate guztiak eskualde guztietan. Pixkanaka ETB1, ETB2 eta ETB3 lurralde osora zabaltzea da asmoa.