EAEko Udal Legearen 6. artikuluaren 2. atalaren kontra jo du “Toki-erakundeetako organoen deialdiak, gai-zerrendak, mozioak, boto partikularrak, erabaki-proposamenak, informazio-batzordeen irizpenak, erabakiak eta aktak euskaraz idatzi ahal” izatea eragozteko.  

Epai honen ibilbidea EAEko Auzitegi Gorenean hasi zen Vox alderdi ultraeskuindarraren eskutik,  Eusko Jaurlaritzak 2019an onartu zuen dekretu baten aurka helegitea jarri zuenean. Dekretuak arautzen du udaletan hizkuntza ofizialak nola erabiliko diren, eta ahalbidetzen du udal euskaldunetan euskara lehenestea honakoak egitean: deialdiak, bileretako gai ordenak, mozioak, boto partikularrak, akordio proposamenak, komisio informatiboen txostenak, akordioak eta aktak.

Asteazken honetan Espainiako Konstituzio Epaitegiak ebatzi du EAEko udal legeak “bi hizkuntza koofizialen artean desoreka sortzen duela, gaztelaniaren erabilera azpiratzen duela euskararen ezezagutzara”. Izan ere, epaia bi hizkuntza ofizialen arteko oreka linguistikoz mintzatzen da, eta oreka hori hausten dela dio baldin eta gaztelaniaren erabilera euskara ez dakitenen kasuetara mugatzen bada. Epaiaren arabera, idatziak gaztelaniaz jasotzeko euskara ez jakitea alegatu beharra Konstituzioaren aurkakoa da.

Hala ere, Auzitegi Konstituzionalean berean kontrako iritziak daude. Laura Diez eta Ramon Saezek boto partikularra eman dute, haien ustez 2/2016 udal legearen 6.2. artikuluak Espainiako Konstituzioaren 3. artikulua eta jurisprudentzia konstituzionala errespetatzen baititu. Jurisprudentzia horrek aukera ematen dio legegileari hizkuntza politikako neurriak hartzeko hizkuntzen arteko desoreka egoerak zuzentzeko. Konstituzionalaren epaia ikusita, pentsa liteke desoreka horretan gaztelania dela egoera minorizatuan dagoena.

EHUko aldezle eta zuzenbide doktore Iñigo Urrutiaren esanetan, epaiak “errotik aldatzen du hizkuntza koofizialtasunaren inguruko jurisprudentzia”, orain arte “ erabat zilegi zen udal bat euskaraz jardutea, betiere norbanakoen eta zinegotzien hizkuntza eskubideak errespetatuta".  Epaiarekin udal batek ezin diola hizkuntza bati lehentasunik eman ebatzi du Konstituzionalak. "Hori hizkuntza politika egitea da, eta hori ez dagokio auzitegiari". Bere ustez "Epaiak ikaragarrizko segurtasun juridiko falta ekarriko du".

EAEko Udal Legea Euskararen Legea baino adostasun gehiagorekin onartu zen. Argi dago legebiltzarrean politikoki lortzen ez dutena auzitegietan juridikoki lortzen ari direla. Ez da kasualitatea epai hauek euskararen normalizazioa eragotzi nahi duten alderdien adierazpenekin bat eta batera etortzea. Etengabeko oldarraldi judizial baten aurrean gaude, eta, alde horretatik,  komenigarria da gogoratzea martxoaren 10eko adierazpena, eta, uda betezko beroan ere, azaroaren 4ko manifestaziorako motorrak berotzen joatea.