Pediatra eta oro har osasun zerbitzu euskalduna eskatzeko ekimena antolatu da Leitza, Goizueta eta Areson, euskalgintzak bultzatuta eta hainbat gurasok babestuta, eta udalak ere ekimen horrekin bat egiten ari dira, mozioen bitartez. Mozioa Goizuetan eta Leitzan aztertu eta onartu da, eta Areson hurrengo batzarreko gai zerrendan sartuko da.
Hau da mozioak dioena, hitzez hitz:
Osasun etxean herritarren hizkuntza
eskubideak bermatzeko eskaera
Legeak herritarrei administrazio publikoarekin euskaraz aritzeko eskubidea aitortzen badie ere, Nafarroako udalerri euskaldunetako osasun etxeetan ez da euskarazko zerbitzurik bermatzen. Errealitate horrek, herritarren hizkuntza eskubideak urratzeaz gain, euskararen normalizazioa kaltetzen du.
Legeari erreparatzen badiogu, Foru hobekuntza, 13/1982 lege organikoaren 9. artikuluak dio euskara ofiziala izango dela Nafarroako zonalde euskaldunetan. Eta Nafarroako 18/1986 Euskararen lege Foralaren 6. Artikuluak herritarrei administrazio publikoekin harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea aitortzen zaiela dio.
Gure udalerria UEMAn sartuta dago, eta gure herritarren % 70etik gora euskaldunak dira. UEMAren eta gure Udalaren helburu nagusietako bat da gure herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua, euskaraz izan dadin bideak urratzea. Tartean sartzen da osasun-zerbitzua euskaraz jaso ahal izatea.
Gune horietan zerbitzu euskalduna bermatzetik urruti gaude oraindik, izan ere, oraindik oztopo asko ditugu euskaraz artatuak izateko. Gure herrian, hain zuzen ere eta besteak beste, pediatra lanpostuak ez du euskararen inguruko betekizunik. Hainbat urtez pediatra erdaldunak izan ditugu, eta, gaur egun ere, egoera horretan jarraitzen dugu .
Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren “Euskararen telefonoa” zerbitzuan asko izan dira hizkuntza eskubideak urratzeagatik herritarrek jarritako kexa eta erreklamazioak. Aipatzekoa da Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren txostenetan Behatokia erreferente zuzena izaten dela, eta bere urteroko txostenean Behatokiak jasotzen dituen salaketak txertatzen dituela. 2010ean, Nafarroako Arartekoak elebitasunari eta herritarren hizkuntza eskubideen egoerari buruz argitaratu zuen txostenean, Nafarroako Gobernuari hainbat gomendio eta iradokizun egiten dizkio; besteak beste, Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen Otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretua goitik behera berraztertzea.
UEMAk bere aldetik hainbat bilera egin ditu egoerari konponbidea eman nahian, egoeraren diagnosia egin eta eskakizun zehatzak eginez. Baina oraindaino ez du erantzunik jaso.
Hori horrela, azaroaren 19an UEMAk, OEEk, eta ASNABIk Osasunbidean eta liburutegietan euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko Nafarroako Parlamentuari aurkeztutako eskakizunak kontuan har ditzala eta herritarron hizkuntza eskubideak bermatzeko eman beharreko pausuak eman ditzala eskatzen dio XXXX Udalak.
Honakoak izan ziren Osasunbideari egindako eskariak:
- Eremu Euskalduneko Osasun etxeetako eskakizun elebiduna ez duten lanpostuei eskakizun elebiduna jartzea. Lehentasunez pediatra, mediku eta jendaurrean lan egiten duten langileei.
- Eremu Euskalduneko emakumeen Arretarako Zentroetako lanpostuei plantilla organikoan eskakizun elebiduna jartzea.
- V1 jakite maila eskasa dela ikusirik, lanpostu horietan V3 jakite maila eskatzea.
- Euskarazko plazen ordezkoetan langile elebidunak egon daitezela bermatzea.
- Gainerako arloetan, urratsak ematen hastea: paisaia linguistikoa, informazio-orriak, mamografiako zitazioak, mamografiako txostenak, erradiografia zerbitzuko inkestak, hitzorduak jartzeko SMS-mezuak, baja-agiriak…
- Urgentziazko Zerbitzuetako langileen hizkuntz perfilak zehaztea.
Horiek horrela, Udalak mozio hau onartzen du:
1.- UEMAk Nafarroako Parlamentuari egindako eskaerak bere egitea.
2.- Gure udalerrian herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko urratsak emateko plangintza eta epeak zehaztea.
3.- Eskaera horiek Nafarroako Parlamentuari eta Osasun Departamentuko Zuzendariari bidaltzea.