2023ko errenta eta ondarea aitortzeko garaia heldu da; Nafarroan ekainaren 27a arte izanen da hori egiteko aukera. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren udal eta mankomunitateekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du aurten ere, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian.
Izan ere, errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua urtez urte gora egiten ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik. Horregatik, eta administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea garrantzitsua da, euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat baita. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte hartzea ere beharrezkoa da.
Gaur egun askotan bidaltzen dute errenta aitorpena eginda foru administraziotik, eta beste kasuetan aurrez aurre egin behar izaten da, eta horretarako herritar gehienek banketxeetara jotzen dute. Bi kasuetan herritarrek aitorpena euskaraz bidaltzea edo egitea eskatzen ahal dute. Herritarrek aukera horren berri izan dezaten eta aitorpena euskaraz egitera animatu nahi dituzte UEMAk, udalek eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak.