Aurten ere errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute eskualdeko udalek. UEMAREkin elkarlanean lantzen duten kanpaina hau abiatua da dagoeneko eta apirilaren 22a izanen da errenta eta ondarea aitortzeko azkeneko eguna.
Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainarekin, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi dute UEMAk, udalek eta beste hainbat erakunde publikok. Izan ere, errenta aitorpena euskaraz eginda, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da.
Ohi bezala, errenta aitorpena egiterakoan, herritarrek hainbat bide dituzte: autolikidazio proposamena, mekanizatua edo internet bidezkoa. Eta guztietan euskaraz egiteko aukera, modu errazean: hasieratik, zein hizkuntzatan egin nahi duten aukera dezakete, eta euskaraz egiteko ez dago aparteko zailtasunik.
Administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea beharrezkoa da, eta hautu horretan eragin nahi du aurten ere kanpainak, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere.