Osasungintzan euskarak jasaten duen egoera salatu zuen UEMAk uztail hasieran eginiko prentsaurrekoan. Salaketa horretan adierazi zuten bezala egoera bereziki kezkagarria da Nafarroan. UEMAko kide diren 14 udalerrietako bakar batek ere ez dauka oinarrizko osasun zerbitzua bere osotasunean euskaraz emateko bitartekorik. Beran esaterako, herritar guztiak daude, bai familia mediku eta baita pediatrarekin ere, gaztelaniaz hitz egitera behartuak.
Basaburuan, osasun etxea sortu zenetik, sendagile eta erizain euskaldunak izan dira, baina hemen ere egoerak okerrera egin du; izan ere, hirurogeita hamar urtetik gora pasatu behar izan dute zerbitzu horretan euskara ez dakien erizaina sartzeko.
Erizaina laster jubilatuko zela ikusirik, Basaburuko udalak eskaera egin zion Osasun Departamentuari ordezkatzera etorriko den erizaina euskalduna izan zedin. Osasunbideak, ordea, eskaerari erantzun ere ez, eta handik egun gutxitara euskara ez dakien erizaina bertan zegoen.
Gaia bideratzeko asmoarekin, Udalak bilkura berezia egin eta honako erabakia hartu zuen: kexa gutuna Basaburuko herritarrei bidaltzea, eta kexa horren berri ematea Osasun Departamentuari, Nafarroako Arartekoari eta Behatokiari. Berriz Osasunbidera jo baino lehen, herritarren kexak jasotzeko sinadura bilketa eginen da.