Saioak euskara ikasten duten haurren aita-amei zuzenduta daude euskaraz eta gaztelaniaz, interneten, eta informazioa eta baliabideak emateko familien intereskoak diren gaietako adituek landuta. 3. edizioa antolatu dute Euskarabideak eta toki entitateetako euskara zerbitzuek.
Eskolan euskara ikasten duten haurren familientzako Guraso Eskola ekimena abiatu zen 2020an. Hirugarren urtez, hiru adituk hezkuntza, euskara eta heziketa ukitzen dituzten gaiak jorratu dituzte eta sarean eskaini, euskaraz zein gaztelaniaz. Aurtengo emanaldietan honako gai hauek landu dira: kulturartekotasuna euskarazko hezkuntzan, nola sustatu euskara nerabezarorako trantsizioan eta gurasoen hizkuntza portaeren eredugarritasuna. Gurasoen intereskoak diren kontuak landu dituzten adituak Kike Amonarriz, Amelia Barquin eta Nerea Permach izan dira.
ERA Eskolak behar batetik abiatuta sortu ziren. Izan ere, gurasoek hainbat erabaki hartzen dituzte seme-alaben ongizatea bermatzeko: elikadura, lotarako errutinak, praktika osasungarriak, mugak… Horietan bezala, euskara sustatzean ere gurasoek hainbat arlotan nola jokatu jakin nahi izaten dute: irakurzaletasuna bultzatzeko, eskolaz kanpoko jarduerak baliatzeko, pantailen kontsumo egokia ziurtatzeko, eskolako lanetan laguntzeko… Horretara zuzenduta daude Era Eskolan gurasoei eskaintzen zaizkien trebakuntza saioak.
Saioak euskaraz eta gaztelaniaz daude, euskaraz dakiten gurasoei eta euskaraz ez dakitenei informazio egokitua emateko. Saioak era.eus-en YouTube kanalean jarri dira ikusgai: www.youtube.com/c/EraNafarroa/. ERA.eus-en Youtube kanaleko bi Playlist-etan estreinatuko dira, bata euskarazko mintzaldiekin, bestea gaztelaniazkoekin.
Era Eskolako saioek interaktiboak izan nahi dute. Hala bada, ikusleek kontsultarik egin nahi badute, YouTube kanaleko mintzaldien bideoetan iruzkinak egin ditzakete eta ondoko egunetan Euskarabideko edo toki entitateetako euskara zerbitzuetako teknikariek erantzunen dute iruzkinean bertan.