Aitor Renteria. Baiona. BERRIA

Herriko etxeak bertan behera utzi beharko du Seaskaren ikastola eraikitzeko deliberoa, eta ezingo du lanik egin

 

Paueko auzitegiak ontzat jo du Lionel Beffre Paueko prefetak ezarritako helegitea, eta Hendaiako Herriko Etxearen deliberoa indargabetu du. Hendaiako Herriko Etxeak ikastola berri bat egitea deliberatu zuen. Estatuaren ordezkaritzak bi aldiz jo du erabaki horren aurka. Herriko etxearen deliberoa legez kanpokoa zela ebatzi zuen prefetak ekainaren 14an, eta auzira jo zuen. Irailaren 12an aztertu zuen kasua Paueko auzitegiak.

Falloux legeak debekatzen du diru publikoa bideratzea hezkuntza pribatuko egoitzak diruztatzeko. Laikoa izan arren, Seaskaren murgiltze eredua arlo pribatuan kokatzen dela nabarmendua du prefetak behin baino gehiagotan. Paueko auzitegiak ez du kasuaren mamia aztertu, baina, hala ere, ontzat eman du prefetaren eskaria eta bi eskariak ontzat jo ditu. Lege horretan funtsatuz, bi erabaki hartzeko eskatu zion prefetak epaileari. Batetik, ikastola berria eraikitzea baimentzen zuen deliberoa indargabetzeko. Arrazoia eman dio epaileak. Bestetik, epailearen erabakiaren aurka helegiteak jartzea eta auzibidea luzatzea zen prefetaren beldurra. Hori saihesteko, herriko etxearen erabakia bertan behera uzteko, auzibideak iraungo duen bitartean lanak debekatzeko ere eskatu zuen prefetak; horretan ere arrazoia eman dio epaileak.

Lege babesik gabe

Battitta Salaberri Hendaiako auzapezak gogoratu du Seaskak eraikuntzen premia duela eta, aldi berean, ez duela lege babesik murgiltze eredua garatu ahal izateko. Falloux legea indarrean dagoen bitartean, eta horren interpretazio zorrotza egiten deino, administrazioak behin eta berriz jo dezake herriko etxeen deliberoen aurka. Horregatik dio auzapezak «erabakia estatu mailan» hartu beharko dela: «Lege bat behar da Seaskaren egoitzen arazoa konpontzeko behin betirako».

Ikastolaren aldeko deliberoa indartu daitekeela nabarmendu du auzapezak. 2014an herriko bozak izanen dira, eta ikastolaren aldeko jarreraren alde bozkatzera deitzen ditu herritarrak.

Zuhur hartu du Paueko epailearen erabakia Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. Azaldu du auzitegiak ez duela sakoneko erabakirik hartu,eta formaren aldetik eman diola arrazoia prefetari. Auzi horren mamia, Falloux legeak indarrean ezartzen duen ezina eta lege arloko aterabidea aztertu beharko direla onartu du prefetak berak ere. Alta, atzoko deliberoaren bidetik, argi dago Hendaiako ikastola berria ezingo dela egin, Parisko gobernuak kontrako deliberoa hartu edo biderik irekitzen ez duen bitartean. Gainera, prefetak gisa bereko prozedura bat ezarri du abian Beskoitzeko (Lapurdi) ikastolaren aurka. Herriko etxeen eta Seaskaren beldurra da prefetaren erabakiok aurrekari bat izatea gerorako.

«Prefetak lortu du denbora irabaztea eta legearen oinarria aztertu arte ikastola ez egitea», erran du Indok. Ebazpenaren ondotik, Seaskak eta Hendaiako Herriko Etxeak ezin dute deus egin, bederen ondoko hilabeteetan. Lege arloko eztabaidetatik urruti, Indok gogorarazi du Hendaiakoaren osagarri den Pausuko ikastolan 70 haur daudela administrazioaren erabakien mende.

Negua heldu da, eta harekin, euria. Pausuko egoitzan ez dago aterperik, eta bi aukera ukanen dituzte haurrek atsedenaldietan: bustitzea edo egoitzatik atera gabe egotea egun osoan. «Hori baldin bada Frantziak aldarrikatzen duen berdintasun eredua, goraki erran behar dugu ez datorrela bat guk dugunarekin; haur guztiek dute eskolan harrera duina izateko eskubidea, baita euskaraz ikasten dutenek ere».

Prefetaren erabakiaren aurka egiteko tenorea helduko dela erran du Seaskak. Baina ez ditu erantzunak emanen Prefetaren egitarauaren arabera. Lehentasuna haurrek dutela adierazi du Seaskak, eskola sartzearen karietara egindako agerraldian errandakoa gogoratuz: irakasleen kokapena, ahalmen urriko haurren laguntzaileen adjudikazioa lortzea... Indok argi erran du Seaskak mobilizaziora joko duela baina esku artean dituzten arazoak konpondu beharko dituztela horretarako. Zer mobilizazio egin aztertzen hasiak dira dagoeneko.