Leitzan bezala, Larraintzarko liburutegian ere Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren aurtengo edizioa egur esan diogu. Bi hilabetez, Euskal Herriko liburutegi eta liburu denda gehienek parte hartu dute euskarazko irakurzaletasuna sustatzea helburu duen kanpaina honetan. 

Gurean, duela bost urte abian jarri genuen egitasmoa da Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpaina. Pozgarria da ikustea urtez urte haur, gazte eta helduak euskarazko liburu, ipuin eta komikiak eskatzera etortzen direla. Larraintzarko liburuzain eta idazle den Patxi Irurtzunek egin digu aurtengo edizioaren balorazioa. 

Guztira, bi hilabe hauetan mailegatu diren 219 liburuetatik 80 euskarazkoak izan dira; horietatik 69 hamabi urte artekoek eskatu dituzte, eta 11 hamabi urtetik gorakoek, iazko edizioan baino 2 gehiago. Parte-hartzaileen artean 69 txeke banatu dira euskarazko liburuak %35 merkeago erosteko. Erosketa txeke horiek eskuratu dituztenei dagokienez, 42 emakumezkoak izan dira eta 26 gizonezkoak. Hortaz, heldu den urteko erronka izanen da batez ere helduen eta gizonezkoen artean euskarazko irakurzaletasuna sustatzea.

Euskarazko liburu, ipuin eta komikiak irakurtzen gozatzeaz aparte, euskarazko liburu gehiago erosi eta oparitzeko aukera izan dugu, eta bi hilabete hauetan zozketa bana egin dira; saria, 30 euroko txekea euskarazko liburuak erosteko. Hurrenez hurren, Gerendiaingo Marc Olagüe eta  Ziaurrizko Lorea Peñalver izan dira apirileko eta maiatzeko saridunak. Beraz, haiei eta euskaraz irakurri eta gozatu duzuen guztiei, ZORIONAK!