Beste herrialde batzuetatik gurera bizitzera eta lanera etorri diren herritarrak euskaldunak ere badirela ikusaraztea da kanpaina honen helburua.
UEMAk abiatutako kanpaina da eta honakoa azpimarratu nahi du lanketa honen bidez:.
· Beste herrialdeetatik Euskal Herrira etorri, euskara ikasi, eta jendaurrean aritzen diren tabernariak, zerbitzariak eta dendariak dira kanpainaren oinarria, eta horiekin erdaraz hasten diren euskaldunen aurreiritziak gainditzea da helburua.
· Euskarak kolore asko dituela eta herritar horiek guztiak euskaldunak direla nabarmendu nahi du kanpainak, azalaren kolorea edota bizilagunen jatorria askotarikoa izan arren.
Gure Mankomunitateko herriek ere bat egin dute kanpainarekin, eta gaiari ikusgarritasuna emateko dagoeneko ikusiko dituzue kartelak eta eskuorriak hemengo kaleetan.
Iturria: UEMA.eus
Erdaraz hasten zaizkie herritar asko, kanpokoak direla adieraziz zeharka
Euskaldunak dira Amin, Ansou, Narcisa, Rizwan, Keyla, Marcos, Maurizio, Guina, Jennifer, Daniel, Michele eta Valeria. Aljerian, Senegalen, Errumanian, Pakistanen, Brasilen, Bolivian, Sardinian, Uruguain, Mexikon eta Nikaraguan jaio dira. Arabiera, wolofera, errumaniera, urdua, portugesa, sardiniera edo gaztelera jaso dute etxean. Euskara, beraz, ez da beraien lehen hizkuntza, baina euskara ikasi dute, eta euskaraz aritzen dira bezeroekin.
Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Badakite, ordea, euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen dieten bakoitzean zubia ere ukatzen dietela sentitzen dute. Kanpokoak direla esaten zaiela zeharka. Horregatik, beraiei ere euskaraz egitea nahi dute. Gustatzen zaielako, eta euskaldunak sentitzen direlako.