Euskarak kolore asko dituela eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek guztiak euskaldunak direla gogoratu nahi du kanpainak.

Iturria: UEMA.eus
'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpaina abiarazi du dute gure eskualdeko udalek UEMArekin batera, euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko

Leitzan bizi dira Haider, Randy eta Miruna eta  euskaldunak dira, honako neska-mutiko hauek bezala: Arlenys, Aimar, Aya, Nora, Sefora, Ekhi, Manna, Anastasia, Andriy, Zunnurain, Lassana, Abdallah, Alaia, Rayan eta Leen.  Egin nirekin ere euskaraz! kanpainari aurpegia jarri dioten lagunak dira guztiak.

Pakistanen, Ekuadorren, Errumanian, Senegalen, Dominikar Errepublikan, Saharan, Ukrainan, Marokon eta Euskal Herrian jaio dira, besteak beste. Bizi, berriz, Leitzan, Ibarran, Ondarroan, Zestoan eta Zaldibian bizi dira, baina gainerako udalerri euskaldunetan ere badira beste dozenaka Abdallah, Leen edota Arlenys, zorionez.

Urdua, arabiera, mandinga, kitxua, ukrainera, gaztelera edota euskara jaso dute etxean. Euskara, zehazki, lehen hizkuntza da batzuentzat, bigarrena besteentzat, eta baita hirugarrena ere zenbaitentzat. Hala ere, euskaraz aritzen dira eskolan eta lagunartean.

Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Eta ez zaie gustatzen. Euskaldunak direlako. Kanpainako bideoetan adierazi duten moduan, "badakigulako euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen diguten bakoitzean zubia ere ukatzen zaigulako".

Horregatik, beraiekin ere euskaraz egiteko eskatu nahi izan diete gainerako herritarrei. "Euskara ukatzen digutenean, bertakoa izatea eta sentitzea ere ukatzen digute, nahi gabe izan arren", adierazi dute gaurko agerraldian izan diren Aimar Toma eta Andriy Tsera ibarrako ikasleek, esaterako.

"Askotan gazteleraz egiten diete herritarrek, euskaraz jakin arren".