Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei.  

Jon Fernandez Gonzalez, ARGIA, 2025/6/6

Espainiako Cadena Ser irrati katean eman du berria Ibone Bengoetxea Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Eusko Jaurlaritzaren asmoa da A1etik C2ra "pixkanaka" pertsona orori euskara doan ikasteko aukera eskaintzea. Orain A2 mailaren iragarpena egin du Bengoetxeak. 310 euroko matrikularen ordez, 70ekoa ordaindu beharko dute ikasleek. Aurrez, doakotasunaren bidean neurriak hartuak dituzte A1 eta C1 mailan, bigarren horretan 16 eta 18 urte artekoentzat. Hartutako neurrien ondorioz matrikulak %20an igo dira A1ean eta %73an C1ean. Hiru maila horietan doakotasunaren bidean pausoak emateko  8,5 milioi euro inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak. 

A1ean eta C1ean emandako pausoak

Orain arte bi urrats esanguratsu eman ditu HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak, C1 maila gainditu nahi duten gazteentzat eta A1 mailakoentzat. Hala, diru kopuru murritza ordainduta ikas dezakete EAEko ikasleok. Helduen euskalduntze-alfabetatzearen sektoreak aurrerapausoak txalotu ditu. Alabaina, euskal herritar guztiek euskara doan ikasteko duten eskubidea bermatzeko bide luzea dago egiteko. Hala dio sektoreak.

A1 maila ikastea ia doakoa da, 2024-2025 ikasturterako Jaurlaritzak hala iragarri zuenetik. Ikasleak ohiko matrikularen laurdena ordaintzen du. Ikasturte hasieran jartzen duen dirua berreskura dezake bi baldintza betez gero: A1 maila gainditzea eta %75eko asistentzia. HABEk A1 mailan pauso hori ematea erabaki zuen euskaratik urrun daudenak gerturatzeko asmoz, bai urtetan hemen bizi direnak baita etorri berriak ere. Euskaltegietako ikasleen %12 Espainiako Estatutik etorritakoak dira eta %10 inguru estatu horretatik kanpokoak. HABEk dio ez duela nahi dirua oztopo izaterik euskalduntzen ari direnentzat. Jakitun dira ikasle multzo horretan egoera zaurgarrian dauden asko egon daitezkeela.

Bigarren ikasturtea bukatu du C1 maila egiteko 16 eta 18 urte artekoentzako eskaintzak. Doakotasunetik gertuen dagoen eskaintza da: ikasturteko matrikula 20 euro ordaindu behar dute gazteek. Dirua berreskura dezakete bi baldintza hauek betez gero: asistentzia %75 eta maila bat edo azterketa ofiziala gaindituta.