Mintzakide egitasmoa Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea osatzen duten bi eskualdeetan antolatzen da: Larraunaldean ( Araitz-Betelu-Larraun eta Lekunberri) eta Ultzamaldean ( Basaburua-Imotz-Odieta-Ultzama), eta dagoeneko zabalik da egitasmoan izena emateko tartea.

Taldeak ordutegi, adin, auzoa eta zaletasunak kontuan hartuz, hurrenez hurren, osatzen dira. Modu horretan parte hartzea erosoagoa da, aurrez aurrekoa edota on-line guztion beharretara egokitzen saiatzen baitira.

Guztiontzako erosoa den ordutegia, tokia eta plana eginez, egiten da mintzapraktika. Lagun giroan paseatu, kirola egin, mendira joan, kafetxo bat edo tragoxka bat hartu edo besterik gabe elkartu eta elkarren konpainia eta solasaldiaz gozatu.

Askori gertatzen zaie euskaltegian ikasitakoa praktikan jartzeko aukerarik ez dutela izaten eta Mintzapraktikan aurkitzen dute euskaraz lagun artean aritzeko aukera. Zenbaitek, berriz, euskaraz aritu nahi baina  ez dute inguruan izaten  lagunik. Bestalde, euskaltzale asko dago bere herrian euskaraz aritzeko espazioak eta aukerak zabaltzen lagundu nahi duena.

Mintzapraktikan pertsonen arteko harreman berriak sortu eta indartzen dira euskaraz. Eta ez hori bakarrik, pertsona horiek guztiek sekulako ekarpena egiten diote euskalduntzeari: taldean elkarrekin aritzen dira eta ohitura hori inguruko jendearengana zabaltzen dute, hizkuntza ohituretan eraginez. Asko dira Mintzapraktikan hasi eta gaur egun beraien lagunekin, familiakoekin, lankideekin euskaraz aritzen direnak. Euskaldun izateaz harro sentitzen direnak. Horrela ari dira irabazten, herriz-herri, euskaraz aritzeko espazioak eta aukerak.  

Gaur egun  milaka herritarrek hartzen dute parte Mintzapraktika egitasmoetan; astean behin elkartzen dira talde txikitan euskaraz aritzeko: bidelariak (euskaraz ikasten ari direnak edo ohitura berreskuratu nahi dutenak hizkuntza praktikatuz) eta bidelagunak (euskara aise erabiltzen dutenak eta ikasten ari direnei euskaraz praktikatzen laguntzeko borondatez izena ematen duten euskaltzaleak). 

Hauxe da Mintzapraktikaren mundua. Ireki atea eta praktikatu gurekin, talde giro hurbilean. Informazio gehiago nahi baduzu: http://emanizena.praktikatu.eus/