Ibilgailu berrian iritsiko da hemendik aurrera Liburutegi ibiltaria. LAGA izena du biblioneta berriak eta kolore biziak eta eskualdeko marrazkiak ditu, adibidez, Goizuetako Zubi handia eta Iberoko dorrea ikus daitezke.
Biblioneta Areson aurkeztu dute, eta Nazabal Eskolako haurrek ongi etorri koloretsua egin diote ibilgailuari, hura aurkezteko ekitaldian.
Liburutegirik ez duten hiru herrietara eramanen ditu liburuak, Harkaitz liburuzainak, orain arte egin izan duen gisan. Orain, ordea, bere kotxe propioan joan beharrean, BIBLIONETAn egine ditugu bidaiak. Liburuz betetako kutxak eramanen ditu Aresora, Goizuetara eta Aranora. 300 libururentzat tokia du ibilgailu berriak, baina liburuez gain, zerbitzu bat ere joan-etorrian dabilela nabarmendu nahi izan du: «liburu maileguaz gain, eskolara sartu eta irakurzaletasuna sustatzeko hainbat jarduera ere egiten ditugu». Behar bati erantzun eta herritar guztiona den eskubide bat bermatu nahi izan dute 2020an abiatu zen egitasmo honekin. Hala azaldu du Delgado liburuzainak: «bizi zaren tokian bizi zarela ere, herritarrei informazioa eskuratzeko aukera berdintasuna bermatu behar zaie».
Igaro Balda Aresoko Udaleko ordezkariak, Liburutegi Ibiltariak herriarentzat duen garrantzia nabarmendu du:«Liburutegi Ibiltariak herrian berez eskura ez dugun zerbitzu bat ematen digulako".
Dabid Anaut Leitzako alkateak ere aipatu du albiste ona dela zerbitzua modu egonkor eta iraunkorrean zabaltzeko aukera izatea: «are gehiago zerbitzu hori kulturarekin lotura duela jakinda». Eskerrak ere eman nahi izan ditu: «eskerrak ekimen hau abiatu dutenei eta langileei. Ahalegin osoa egin dutelako Liburutegi Ibiltaria martxan jarri eta zerbitzu ona eskaintzeko. Gainera, herrien arteko loturak indartzeko beste urrats garrantzitsua izan daitekeela nabarmendu du.
Aurkezpen ekitaldian izan dira Harkaitz Delgado liburuzaina, Asun Maestro Nafarroako Liburutegi Sare Nagusiko zuzendaria, Leitzako eta Aresoko Udaletako ordezkariak eta Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismo Kontseilaria.