BERRIA egunkariak estilo liburu digitala euskaldun guztien eskura jarri du, aurrerantzean Interneten kontsultatu ahalko baita. Lehendik ere bazuen BERRIAk estilo liburua, paperezko euskarrian, baina hemendik aurrera edizio digitala sarean kontsultatzeko moduan izanen da http://www.berria.info/estiloliburua/ helbidean.
Aurkeztu den lanak aurrekaria Euskaldunon Egunkariaren estilo liburuan dauka, hura izan baitzen euskarazko egunkari batek sortutako lehena. Ibilbide horren jarraipena da, azken batean, egunotan sareratu dena.
Komunikabideentzat eta kazetarientzat ezinbesteko tresna da estilo liburua, hainbat arau, gomendio eta irizpide biltzen dituena, baina euskaraz eta euskararekin lan egiten duen edonorentzat ere erabilgarria eta baliagarria da.
Estilo liburu digitalak hainbat atal ditu: informazioa, ortotipografia, onomastika, mundua, Euskal Herria, hiztegia, bibliografia, sareko idazkeraren berezitasunak, kazetari estiloa lantzeko irizpideak, gaikako hiztegiak… Horiez gain, galderak egiteko eta zalantzak argitzeko gune bat ere badago, denon eskura.