BARDOAK taldekako bertso ekimena da. 2012.ean egin zen lehendabiziko aldiz, arrakasta handiz, eta aurten ere eginen da, otsailaren 7tik aurrera. Ekimenean gure eskualdeko lau taldek parte hartuko dute, Leitzako bik eta Larraun eta Araizko banak.

2012ko Bardoak ekimenak arrakasta handia izen zuen. Guztira 100 parte-hartzaile lortu zituen eta 3.000 bertsozale elkartu ziren saioetan zehar. Aurtengoa bigarren edizioa izanen da, otsailaren 7an hasi eta apirilaren 12an bukatuko dena. Guztira 23 saio antolatuko dira Nafarroan, horietako batzuk gure eskualdean eta gure eskualdeko udalek lagunduta.

Ekimenak hiru fase izanen ditu. Lehendabizikoan talde guztiak ariko dira, bigarren fasean sailkatutako sei talde, eta finalean hara iritsitako hiru taldeak ariko dira. Lehia, beraz, taldekakoa izanen da eta taldeek izanen dute protagonismoa.

Hamasei dira, guztira, parte hartuko duten taldeak: Baztan (1), Malerreka (1), Bortziriak (2), Leitza (2), Larraun (1), Araitz (1), Sakana (2), Barañain (2) eta Iruñea (4). Talde bakoitzak 3-4 bertsolari, eta gai-jartzaile eta antolatzaile bana izanen ditu. Ibilbide luzea duten eta hasi berriak diren bertsolariak elkartuko dira. Talde bakoitzak, hasierako fasean, beste bi talderekin ari beharko du. Aurrera egiten dutenek jokatuko dute bigarren fasea, eta hortik aterako dira finalerako hiru taldeak.

Ekimen hau gaur egun bi urtetik behin egiten den Nafarroako Bertsolari Txapelketaren osagarri gisa sortu da, eta helburu nagusia Nafarroako bertsolari eskolak astintzea eta bertsozaleari bertsolaritzaz gozatzeko aukera berritzailea eskaintzea da, baita bertsolari beteranoak eta berriak elkartzea eta bertsozaleen parte-hartzea sustatzea ere.