Aurten egin behar zen, apirilean hain zuzen ere, Kale edo Bale. Balikebale! lehiaketa, Leitzako Herri Areto berrian. Hasiera batean apirilaren 3an egitekoa zen, eta hala iragarri zen, baina aretoaren egokitzeko lanetan eta ekipamenduan gerta litezkeen arazoak saihesteko eta ziurtasun eta berme osoz jokatzeko, data aldatu eta apirilaren 24a hautatu zen lehiaketa egiteko.

Horren ondoren etorri da COVID-19ak sortutako egoera eta, horrek, ezinbestean, eta alerta egoeran eta itxialdian gaudenez, egun horretan ere ekitaldia bertan behera uztera behartu ditu antolatzaileak.

Krisialdi honen bukaera zehazki noiz eta nola gertatuko den eta utziko dituen ondorioak zein izanen diren ziurtasunez jakiterik ez dagoenez, antolatzaileek ezin dute, une honetan, ekitaldia egiteko datarik zehaztu. Argi daukate egin eginen dela, prestaketa oso aurreratua dago, baina horrelako ekitaldiak egiteko baldintzak zein izanen diren jakin arte, eta Herri Aretoa bera noiz egonen den erabat hornitua eta prestatua jakin arte, ezin izanen da zehaztu.

Kale edo Bale, Balikebale! lehiaketa, nolanahi ere, eta esan bezala, dagoeneko oso aurreratua eta  prestatuta dago eta, epe laburrean ez bada ere, egin eginen da eta ziur aurreko edizioetan izan duen arrakasta berdina izanen duela.