Garikoitz Goikoetxea
www.berria.eus
Aktak, kontratu publikoetarako hizkuntz irizpideak, euskara planak, diru laguntzak. Azken hilabeteetan pilatu egin dira euskara aintzat hartzeagatik udalek jasotako salaketak. Eusko Jaurlaritzari heldu zaio ohartarazpena orain. Tabakoari buruzko kartelak eta agiriak ele bitan jartzea proposatu du —tabernetan, esate baterako—, eta ezetz erantzun dio Espainiak. Saltokietan adierazi behar dute zigarretak saltzeko baimena dutela, eta agiria Madrilek egiten du. Ez du ele biz egingo: administrazio hizkuntza gaztelania dela dio.
.../...
Adikzioen legeari buruz egin du txosten bat Espainiako Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioak. Lege proiektua abenduan aurkeztu zuen Jaurlaritzak, eta parlamentuan ari dira aztertzen orain. Espainiako Gobernuak ohar batzuk egin dizkio lege proiektuari; zigarreten salmentari buruzkoak dira gehienak.
Hizkuntzari dagokionez, euskararen eta gaztelaniaren arteko parekotasuna ezartzea proposatu du Jaurlaritzak adikzioen legean: «Xedatutakoa betetzeko erabiltzen diren kartel, dokumentu eta errotulazio guztiak euskaraz eta gaztelaniaz idatziko dira». Adibidez, tabernetako kartelei eragingo lieke horrek; saltzeko baimena dutela adierazi behar dute, adingabeei ezin dietela saldu, eta tabakoak kalte egiten diola osasunari. Guztia, euskaraz eta gaztelaniaz.
Zigarretak saltzeko baimena bi hizkuntza ofizialetan jartzerik ez du nahi Espainiako Gobernuak. Tabako Merkaturako Ordezkaritzak egiten du agiri hori, eta ez du asmorik papera euskaraz egiteko.
Hori argudiatzeko, 30/1992 legea hartu du oinarri —administrazioen jarduna arautzen du—, hizkuntzei buruzko atalean. Hauxe dio hasieratik: «Estatuko administrazio orokorraren prozedurak gaztelaniaz izapidetuko dira».
Aldaketa eske
Administrazio Publikoetako Estatu Idazkaritzak gutun bat igorri dio Jaurlaritzari, eta adikzioen lege proiektuan aldaketak egiteko eskatu dio, «legearen aplikazioan sor daitezkeen arazoak aldez aurretik argitzeko». Alegia, tabakoari buruzko jendaurreko agiri guztiak euskaraz eta gaztelaniaz ezartzeko ez dezala agindu.
Euskarazko akten balioari buruzko eztabaida pil-pilean dagoelarik dator Madrilen abisua. Jaurlaritzak txosten batean dio «balio erabatekoa» dutela akta horiek, baina auzitara jotzen ari da Espainiako Gobernuaren ordezkaritza udalen kontra. Beizamako Udalaren kasuan, auzian pertsonatu da Jaurlaritza, demandatu gisa. Beste kasuetan ere berdin egiteko eskatu dio Uemak. Gobernuak ez du argitu zer egiteko asmoa duen.