Euskara Mankomunitateak, urtero egiten duen moduan, diru-laguntza emanen die Bai Euskarari Ziurtagiria duten Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko eragile edo establezimenduei. Laguntza horren bitartez, Ziurtagiria eskuratuta euskararekiko konpromisoa hartu eta urratsak egiten dituzten eragileak lagundu nahi ditu Mankomunitateak.

Diru-laguntza deialdi honen arabera, ziurtagiria eskuratu dutenek agiri horren kostuaren % 50a jaso ahalko dute, betiere gehienezko 50 euroko mugarekin. 800 euroko partida bat onartu zuen Mankomunitateak, eta eskaerak kopuru hori gaindituko balu, proportzionalki banatuko litzateke. Laguntza jasotzeko, eskatzaileak eskari-orri bat bete behar du, eta ziurtagiriaren ordainketa egin izanaren agiria.

2018. urtean, esate baterako, Leitza, Goizueta, Areso eta Arano eskualdeko 15 eragile edo establezimenduk egin zuten laguntza jasotzeko eskaria, eta 50na euroko laguntza eman zitzaien denei.