Olatz Artola, Itxaso Frau eta Marta Prol Mondragon Unibertsitateko ikasleak “Badira Bagara” dokumentala egiten ari dira. Lan horrek Nafarroako euskararen egoera aztertzen du, 1986ko Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioaren ondorioak besteak beste, eta bide batez Tuterako Argia ikastolaren egoera erakusten du. Dokumenta irailean argitaratuko da, baina trailerra Interneteko helbide honetan ikus daiteke dagoeneko:

http://vimeo.com/69432712

Hauxe da dokumentalaren sinopsia: (http://www.badirabagara.com/#!sinopsia/cjg9)

Euskal Herriko hizkuntza euskara da. Euskaraz mintzatzen dena, euskalduna. Europan sustrairik luzeena duen hizkuntzetako bat da euskara eta sorrera garaietatik etenik gabeko historia izan du. Hizkuntza isolatua da, beste hizkuntza biziekiko ahaidetasun genetiko ezagunik ez baitauka. Hizkuntza minorizatu eta minoritarioa ere bada, hiztun gutxiko hizkuntza zapaldua baita. Biziraute prozesuan egon da betidanik, eta dago. Izan ere Euskal Herriko lurretan badira guneak non euskarak zapalkuntza handia bizi duen; Nafarroan esaterako.

 

Euskararen Foru Legeak -1986- Nafarroako udalerrien artean mugak marrazten ditu, eta hiru gune ezberdintzen ditu: eremu euskalduna, eremu mistoa eta eremu ez euskalduna. Ebro ibaiaren inguruan kokatu dago Erribera eta Tuterako merindadeak osorik hartzen ditu. Eremu ez euskalduneko 14 herriz osatzen da eskualdea; sustapen neurririk gabe, hezkuntza nahiz administrazioan euskararen ausentziarekin. Euskaraz bizi ahal izateko euskaldunen esku-hartzea derrigorrezkoa da eremu honetan eta Argia Ikastola euskara bizirik jarraitzeko borrokan dabil. Oztopo instituzionalak gainditzeko determinazioa du, eremu geografikoak dakartzan zailtasunak hausteko ametsa eta euskal komunitate bat eratzekoa.


Argia ikastola ikur da beraz euskaldunentzat, zailtasunak bidelagun izan arren euskararen alde egiten baitu. 28 urte daramatza Erribera euskalduntzen eta ibilbide honetan emakumeak izan dira ardatz. Sorreratik euskaratik eta euskaraz aritu baitira lanean, euskara sustatuz. Badira Bagara proiektuak errealitate hori plazaratu nahi du, horretarako plataforma hau elikatuaz eta dokumental bat eginaz