2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz ekingo diogu ariketari. Kaleak beteko ditugu berriz ere, euskaraz hitz egitea inoiz baino errazago izan dadin. Belarriprestok eta ahobiziok aukera berriak izan ditzagun lan egingo dugu elkarrekin, auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune. Hitzez ekiteko garaia heldu da.
Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.
2018an egin zen lehen aldiz ariketa, Euskaraldia: 11 egun euskaraz; orduan norbanakoengan jarri zen fokua eta milaka izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak.
Bigarren ariketa 2020an burutu zen, eta, horretan, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien, euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko urratsak ematen has daitezen, eta entitateko kideen parte-hartzea sustatu eta babestu dezaten. Ariguneak sortu ziren.
Bi hilabete baino gutxiago gelditzen dira aurtengo Euskaraldia abian jartzeko; irailaren 28an abiatu zen herritarrek, Belarriprest edo Ahobizi gisa, ariketan parte hartzeko izena emateko epea, www.euskaraldia.eus gunean sartuta.
Aurreko urteetan izena eman zutenek, parte hartzea berretsi baino ez dute egin beharko, www.euskaraldia.eus gunean sartuta edo posta elektronikoan jasoko dituzten mezuen bidez.
Entitateei dagokionez, urriaren 31 arte izango dute ariguneak jakinarazteko epea, gune berean: www.euskaraldia.eus