14.000 saski saltzea lortu dute udazkeneko kanpainan eta hala 175.000 euro bideratuko dute Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara. Erriberako ekoizleei ere babesa eskainiko zaie.

Beste behin auzolanaren indarrari esker gauza handiak egin daitezkeela erakutsi dugu. Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina berri honetan 14.000 bat saski banatu ditugu eta garrantzitsuena dena, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari 175.000 euroko ekarpena egin diogu. Eta guztia auzolanean, guztia ZURIesker.

Saskiak eskatzeko eta banatzeko 700 gune baino gehiagoko banaketa sarea antolatzen eta kanpaina bazter guztietara hedatzen aritu zareten ehunka boluntarioei esker, banaketa garaian furgonetarekin hara eta hona ibili zaretenoi esker, urriaren 23an Arrasaten eta azaroaren 19an Ablitasen kutxak prestatzen aritu zineten ehunka auzolangileei esker, Nafarroako hegoaldeko produkturik onenak lantzen eta prestatzen aritu zareten ekoizleei esker eta nola ez 14.000 kutxa horiek eskuratu dituzuen lagunoi esker, zuei denoi esker, ZURI esker.

Beste behin, auzolanaren bidez lurraldea, ekoizpena, kontsumoa eta hizkuntza lotu ditugu. Beste behin Zazpiak bat, Sortzen, AEK eta Ikastolen Elkartearen artek elkarlanari esker, ekoizleen artean, ikastetxe eta auzoen artean, enpresetako langileen artean, euskaltzaleen artean… elkarlana sustatu dugu.

Bada, elkarlan horri esker amets berriak egiten hasteko unea iritsi da. Hamarkada batzuk lehenago Nafarroa hegoaldean euskara berreskuratzeko ikastolak, euskaltegiak, euskal txokoak… amestu eta egun errealitate bilakatu diren bezala, amets berriak egiteko eta horiek egia bihurtzen hasteko unea iritsi da eta lehen pausoa eman dugu jada, pauso sendoa gainera.

Izan ere, udazkeneko hau, aurrera begira Errigorak dituen erronkei erantzuten hastek lehen kanpaina izan da eta jada ametsak errealitate bihurtzen hasteko orubea badugu: Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari ekarpen garrantzitsua egin diogu, produktu berriei tokia egin diegu (aurten bi kutxa eskainiz) eta horrela elikadura burujabetzaren ildoan pauso berriak ematen hasi gara, poliki-poliki ekoizle sarea handitzen ari gara eta jada 20 dira Errigorarekin elkarlanean ari diren ekoizleak, ohiko banaketa saretik at irabazi asmorik gabeko 700 gunez osatutako banaketa-sarea egonkortu dugu…

Alegia, ametsak egia bihurtzen hasteko oinarria badugu. Beraz, egin dezagun amets eta garrantzitsuena: jarrai dezagun amets horiek egia bihurtzen… ZURIesker.