Elkarretaratze jendetsuak egin dituzte Arrasaten, Mutrikun eta Zarautzen. Hautetsiek eta euskalgintzako eragileek elkarretaratzea deitu dute ostegunerako Bilbon, auzitegien atarian.

 

Udal hautetsiek eta euskalgintzako ordezkariek agerraldi bateratua egingo dute datorren ostegunean, hilaren 13an, Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusiaren egoitzaren aurrean, 11:00etan. Besteak beste, dei hori egitea izan zen Arrasaten, Mutrikun eta Zarautzen kalera atera ziren euskaltzaleen helburua. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak EAEko Udal Legearen 6.2 artikuluaren kontra eman zuen ebazpena joan zen astean, eta geroztik behin eta berriz ari dira errepikatzen epaiaren kontrako erreakzioak. 

Uemak jakinarazi duenez, tokiko euskara taldeek, euskalgintzak zein euskaltzaleek deitu dituzte agerraldiak, udalei babesa adierazteko eta, beste behin, Madrilgo auzitegiaren epaia salatzeko.

Arrasaten, herriko hainbat eragilek osatu duten hizkuntza eskubideen aldeko protokoloak egin du deialdia, «dauzkagun hizkuntza eskubideen defentsarako, behar ditugun pausoak eman ahal izateko» asmoz, agertu du Uemak ohar batean. Herriko plazan egin da agerraldia, 19.30ean.

Mutrikun, herriko hainbat euskaltzalek egin du deialdia, Udalari babesa emateko eta epai honek «euskara erabiltzeko eskubidea ez ezik euskararen ofizialtasuna bera ere auzitan jartzen» duela nabarmentzeko. Goiko plazan elkartu dira, 19.30ean.

Zarautzen, sortu berria den Zirika Euskara Taldeak deitu du protesta, Lege Zaharraren enparantzan, 19.00etan. Irailerako iragarri zuten taldearen aurkezpena eta lehen ekimena, baina pasa den asteko epaia «oso larria» dela iritzita, aurrera egitea eta kalera ateratzea erabaki dute.

Uemak esan duenez, Euskal Herriko beste zenbait herritan ere herri mailako zein eskualde mailako deialdiak egiteko asmoa agertu dute zenbait euskara taldek eta euskaltzalek.