Iturria: www.berria.eus

BERRIAK euskararen egoerari buruz eta hizkuntza politikaren norabideari buruz euskalgintzako kide esanguratsuekin egindako zenbait elkarrizketa argitaratzen ari da egunotan. Bigarren hau Aines Dufau Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzuko zuzendariari egin diote.

Garikoitz Goikoetxea.  2014-07-29

Hezkuntza da euskararen indargunea Iparraldean, bai euskaraz hasten diren gehienek utzi egiten dute. Hizkuntza mailaz kezka dauka Dufauk. Euskal hiztunek ageriagoan egon behar dutela nabarmendu du.

Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzuko zuzendaria da Aines Dufau (Amikuze, Nafarroa Beherea, 1965). Euskarazko ikasmaterialak sortzen aritzen da zerbitzu hori. Ipar Euskal Herriko hezkuntzan euskarak zer egoera duen egunero ikusten du, eta ez da baikor mintzo. Egoera «mendrea» ikusi du.

Hezkuntzan pauso handiak eman ditu euskarak. Iparraldean ere hori du aurreratoki nagusia?

Bai. Hala ere, galtze handia bada sarreratik kateburura. %40 dira ama eskolan hasten euskaraz; bukaeran, haietatik %22 baizik ez dira batxilergora euskaraz heltzen. Beraz, %10era ere ez da heltzen portzentajea. Hor dira murgiltze sistemakoak eta sail elebidunekoak. Eta sail elebidun erraten dugularik, ez da ikasle elebidun.

Kemena galtzen dute bidean?

Buraso anitz gogo onekoak dira hasieran: pentsatzen dute kuriositatez ongi dela beste mintzaira batean murgiltzea. Ez da berdin barnealdean eta BAM inguruan [Baiona-Angelu-Miarritze hiri elkartea]; BAMen proposatzen baduzu ingelesa edo espainola —eta badira—, ongi hartuko dute. Gero gauza seriosak hasten dira, haurrak irakurtzen hasten direnean. Buraso anitzek badute beldurra.

Prestigio falta ere aipatu izan da.

Hizkuntzak ez du prestigio handirik. Kuriositatez hasten ahal dira, eta borondate onez. Baina zer indar du hizkuntza horrek Angelun ibiltzen garelarik merkatu egunean plazan? Jende anitz gurutzatuko dugu, eta bakan dugu hitz bat ere entzunen euskaraz. Hizkuntzaren presentzia jendartean oso-oso murritza da.

Eskoletan zein da egoera?

Batetik, irakasleak izugarriko zailtasunetan dira formakuntzan, hizkuntza didaktikan. Hizkuntza saileko prestakuntza anitzek ez dute nahikoa. Eta izugarria da galdegiten zaiena: gai guziak euskaraz eta frantsesez landuak izan daitezen. Bestetik, ikasleak hasten direnean kolegioan, bigarren hezkuntzan, ez da parekotasunik: hizkuntza maila oso mendrea dute. A2 maila da helburua lehen hezkuntzan, eta ez dira iristen. Beraz, nola ikasi oso konplexuak diren nozioak, ez badira prestatuak? Nola segituko dute?

Guraso erdaldunen ikuspegia zein da euskarari buruz?

Anitzek ikusiko dute plus bat dela ttipitik hizkuntza bat baino gehiagoren ikastea. Bada kulturalki integratzeko ere. Urteetan beste argudio bat ere bazen euskarazko sailetan hasteko: euskara ere ikasten zuenak bazituela baldintza hobeak, ikasle gutxiago ikasgelaka. Baina hori iraganeko kontua da. Eta ez du laguntzen.

Umeak eskolatzea bada gurasoekin lan egiteko aukera?

Bistan da. Anitz egiten da ikastoletan. Hezkuntza sistema orokorrean pentsatzen da biziki inportanta dela lankidetza hori. Euskararen aldetik hori egiten balitz gehiago, eta sail elebidunetan, baldintza askoz hobea litzateke.

Iparraldeko galera eskoletatik orekatuko dela uste dute batzuek. Baduzu itxaropen hori?

Itxaropentsua dena da aldeko iritzia. Azken urteetako datua da. Baina errealitatean, %20 inguru gara euskaldunak, eta herenak, 65 urtetik harat. Kantitatea jaisten den puntutik, kalitatea ere bai. Falta da zinez bultzada azkarra, anbizio handiko politikekin, ordezkatze faseari buelta ematen hasteko, berriz orekatzen hasteko.

Ikasketak euskaraz amaitzen dituen %11 hori ez da nahikoa?

Ez. Kalitatean ere ez. Euskal irakaskuntzan ari dira, baina bigarren mintzaira dute euskara. Gero ez dira baitezpada hemen egonen ikasketak egiten; ez dituzte euskaraz eginen. Apaltze handia da.

Eta hezkuntza bera ez da aski.

Hezkuntza ere biziki apal da errealitatean, emaitzetan. Pario handi bat egiten da, ttipiak behar direla euskarazko murgiltze sisteman sarrarazi. Baina gero inguramen osoa da bultzatu behar. Euskaltzaleek duela urte andana bat nahiko genuen euskaldunak agerian ezartzea beren ofizioetan, ospitaleetan eta. Jendeekilako harremanetan direnen artean ahozkotasuna izugarri inportanta da. Horretan oztopoa izan da. Ikurretan gaude, idatzizko mezuetan. Ahozkotasunera ez gara heldu. Zenbat denbora ez dugu galdu?

Euskaldunak ezkutuan daude, bakarrik etxean eginez euskaraz?

Eta lagunen artean. Beharko zuten entzun: «Altxorra da daukazuena. Transmititu behar duzue, eta horretarako behar dugu agerian eman euskaldunak zaretela». Prestigio hori sentitu izan balute eta beren ofizioan ukan balute hori —ospitalean, supermerkatuan...—, ez ginen horrela ibiliko, atzerritarrak bezala gure herrian.

Atzerritar sentitzen zarete?

Bistan da. Anitzetan deskubritzen duzu saltegikoa euskalduna dela beste norbaitekin euskaraz atzematen baituzu. Jende horiek euskaldunak direla ohartzen baikara, haiekin hasten gara euskaraz. Portugesak beren artean bezala.

Bizi politikoan sartu da euskara?

Herritar antolatuen kezka hartua da. Garapen Kontseiluak txosten bat aurkeztu berri dio Hautetsien Kontseiluari, 2014-2020ko lehentasunez. Hizkuntzari doakionez, sekula ez da hain garbia izan diagnostikoan eta proposamenetan. Nago ez ote den kontraerrana.

Zertan?

Baliabideak jartzean. Ikas, adibidez, diru publikoaren meneko da, euskarazko ikasmaterialgintzan ez baita merkaturik. Administrazioak erraten du bistan dela behar dela bigarren mailako proiektu arduradun bat [ez dute]. Baina hitzarmenak idazterakoan, esaten du ikusiko dela posible den. Kontraerran handia da. Edo sinesten da hizkuntza salbatuko dela Iparraldean, edo ez da sinesten. Eta sinesten bada, bultzada handia eman behar da. Bestenez, kontsideratzen ahal dugu gozoki hiltzen segitzeko gozagarriak direla.

Euskalgintza nola dago?

Egituratuak gara. Guti gara, baina ahal den guzia egiten da. Kontuan hartu behar dugu etorkin anitz dagoela. Frantziako beste herrialdeetarik jendea saldo handian heldu da, eta desafio izugarria da horiek nola integratu mintzairaren partetik. Euskalgintza gauza mendrea da datu horien aitzinean.

Euskararen aurkako jarrera ari da malgutzen?

Bai, hain segur. Pentsatzen ahal da solas publikoak —hautetsienak— aldatu direla anitz azken hamabost urteetan. Bizkitartean, jendeari ez zaio indarrik ere galdegiten; beti erakargarri izan behar gara gu. Nehor ez da behartua, lanean adibidez, ingelesa edo espainola behar den bezala, euskararen ikastera. Urrun gara horretarik. Lehenik, ikasi nahi luketenendako behar da laguntza eman. Asetzen balitz hori, biziki ongi. Plantan ezarri behar da nahiaren pizteko politika, eta, gero, jendeari eman igurikitzen duena. Anitz-anitz dugu egiteko.