Urriaren 8an egin da Goizuetan Arnasguneen Tailerretako lehendabiziko saioa. Kontseiluak bultzatutako dinamikaren barruan, UEMAk, Goizuetako Udaleko euskara zerbitzuak eta Goizuetako Kultur Taldeak deituta, herriko zenbait eragile eta euskaltzale elkartu ziren arnasguneen ideiaren inguruan gogoeta egiteko.
Saiora bertaratutakoek arnasguneen inguruan Kontseiluak egindako bideoa ikusi eta aztertu zuten, arnasguneen ideian sakondu eta horren atzean dagoen planteamendua eta hausnarketa hobeki ulertzeko.
Ondoren, bereziki Goizuetako eta goizuetarren eguneroko errealitateari erreparatuta, euskaraz bizitzeko mugak eta muga horien arrazoiak zein diren identifikatu eta zehazteko ariketa egin zen, taldeka hasieran eta denak elkarrekin gero.
Goizuetako euskararen egoeraren nolabaiteko argazkia atera ondoren, lehentasunezkoak izan litezkeen espazioak edo egoerak hautatu eta bigarren saiorako abiapuntua finkatuta gelditu zen.
Hurrengo saioa urriaren 23an eginen da, lehendabizikoa bezala arratsaldeko 7etatik 9etara, herriko eskolan.