Urriaren 23an egin da Arnasguneen tailerretako bigarren saioa Goizuetan. Lehendabizikoa urriaren 8an egin zen, eta bigarren honekin bukatu da gogoeta prozesua. Bertan bildutakoek Goizuetako errealitatea izan dute aztergai nagusi, eta Goizuetan euskaraz bizitzeko aukerak indartzeko urratsak eta ekimenak aztertu dituzte, besteak beste.
Arnasgunea da Goizueta, euskaraz bizi daiteke neurri handi batean bertan, eta hala egiten dute goizuetar gehienek. Badira, ordea, euskaraz bizitzea zailagoa gertatzen den une eta espazio batzuk, eta horiek identifikatzen aritu dira tailerretan parte hartu dutenak.
Uneak eta egoerak zein diren aztertu ondoren, euskaraz aritzeko ezintasuna nondik heldu diren ulertzeko gogoeta egin da, arrazoi bila. Ondoren, euskararen normalizazioan aurrera egiten jarraitzeko eta egoera horiek gainditzeko zein urrats eman litekeen aztertu da, baita urrats horiek nork eman beharko lituzkeen ere.
Saioaren bukaeran, bertan ateratako ideiak ordenatzea eta ideia horien inguruan herriko eragileak eta tailerretako parte-hartzaileak bilera batera deitzea erabaki zen, gogoetatik ekintzara igarotzeko asmoz.