Goizuetako kultur taldeak, euskara zerbitzuak eta UEMAk Arnasguneen inguruko tailerra antolatu dute. Euskararen arnasguneen inguruko gogoeta eginen da bertan, Goizuetako egoerari erreparatuko zaio bereziki, eta arnasgune gisa sendotzeko eta aurrera egiteko bideak eta baliabideak landuko dira.

Zer dira arnasguneak? Arnasguneak euskara “bere kabian” sentitzen den bilgunea dira, inork xaxatu eta eraso gabe “etxeko nagusi” sentitzen den eremua. Goizueta, esate baterako. Eta hizkuntza batek, aurrera eginen badu, bera nagusi den esparruak behar ditu, arnasgune horiek behar ditu.

Eta zer dira arnasguneen tailerrak? Bada, gune euskaldunen garrantziaz eta euskararen iraupen eta sustapenean duten paperaz herritarrak kontzientziatzeko tailerrak dira, UEMAk Kontseiluarekin, Topagunearekin, EMUNekin, Bertsozale Elkartearekin eta EHErekin elkarlanean sortuak.

Goizuetan ere eginen da, bertako egoera bertaratutakoen artean aztertzeko eta lantzeko.  

Bi saio eginen dira, urriaren 8an eta 23an hain zuzen ere, arratsaldeko 7etatik 9etara, eskolan. Saioak parte-hartzaileak izango dira, dinamikoak, eta aberasgarriak, zalantzarik gabe.

Tailerrak aukera polita emanen du iritzia emateko, besteena entzuteko, Goizuetako egoera hobeki ezagutzeko eta zer egin litekeen elkarrekin pentsatzeko.

Tailerrak irekiak dira, eta euskaltzale eta herritar guztiak gonbidatuta daude bertan parte hartzera.