Euskarazko hedabideentzako diru laguntzen ebazpena kaleratu du Jaurlaritzak. Iazko diru kopuruari eutsi dio, baina komunikabide batzuek diru gehiago jaso dute. Gutxiago baitira. Bidean geratzen ari dira proiektu batzuk.

Garikoitz Goikoetxea, BERRIA

Hedabidea           2012             2013      Aldea

Tokiko aldizkariak

Ttipi-Ttapa              54.400        49.609     -4.791

Guaixe                   26.225         24.362      -1.863

Nafarroako Hitza   11.851          7.826       -4.025

Pulunpe                    5.519         5.013          -506

Mailope                     3.974         4.408          +434

Irratiak

Xorroxin irratia       32.853         33.640        +787

 

Izaten dira aldapak arintzeko bide, edo itolarrian denaren arnasbide, edo ezinak eragindako zaurien sendabide. Egoera erabat makurtzen denean, ordea, bihurtzen dira aldaparen, itolarriaren eta ezinaren erakusle. Eusko Jaurlaritzak euskarazko komunikabideentzako diru laguntzen ebazpena eman du. Eutsi egin dio, agindua zuenez, aurreko urteko diru kopuruari. Jaitsita zegoen kopuruari. Azken bi urteetan, %15 eskastu dira laguntzak. Eutsi diote aurten, eta islatu da zenbaterainokoa den hedabideen aldapa, itolarria eta ezina. Diru kopuruak bere horretan eutsi dion deialdietan, eguneroko kazeten kasuan, adibidez, hedabideek diru gehiago jaso dute iaz baino. Gutxiagoren artean banatu behar baita dirua. Itota, bidean geratu baitira egitasmo batzuk.

Euskara sustatzeko laguntza deialdiak oro har hartuz, %12,4ko mozketa egin du aurten Jaurlaritzak. Hala ere, deialdi nagusian, euskarazko komunikabideenean, iazko kopuruari eutsi egin dio.

Sail horretako diru kopuruari iazkoaren parean eustea «ahalegin handia» izan dela esana du Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Deialdi guztiak oro har hartuta, ia diruaren erdia baitagokio komunikabideen atalari: 4.875.000 euro. Iazko bera, baina azken urteekin alderatuta apalagoa. 2011n hasi ziren mozketak. %4 apaldu zituzten urte hartan, eta %15 iaz. «Positiboa da iazkoari eustea, ikusita beste sail batzuetan jaitsi direla. Baina kontuan izan behar da arrastan daramagula %15eko mozketa hori», ohartarazi du Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariak. Herri ekimeneko euskal hedabideek batuta sortutako elkartea da Hekimen.

Egoera larritzen, publizitatea erortzen, laguntzak estutzen, eta elkar hartzea erabaki dute publikoak ez diren komunikabideek. «Hekimenek aldatu egin du euskarazko hedabideen panorama, eta lan egiteko beste modu bat eskatzen dio horrek administrazioari». Elkar hartuta indar egitea da Hekimenen helburuetako bat.

Eusko Jaurlaritzak aurten hedabideentzako diru sailari eutsi izana «keinu bat» da, Barandiaranen iritzirako. «Keinu ona izan da, baina badakigu horrelako laguntzak ez direla euskarazko hedabideek behar dituztenak». Itunen sistema nahi du sektoreak. «Epe luzeko proiektuak behar ditugu, estrategikoak eta urte askorakoak. Ezin gara egon urtero ezustekoa jasotzeko zain, laguntzak igo edo jaitsi egingo diren».

Ezustekoaren zain egon beharrik ez dute izan batzuek. Diru kopuruak bere horretan segitu du, baina ez jasotzaileenak. Egunkari, aldizkari eta irrati, euskaraz aritzen diren 69 hedabidek jaso dute aurten Jaurlaritzaren laguntza, iaz baino sei gutxiagok. Kontuan izatekoa da deialdi guztiak ez dituela orain ebatzi gobernuak: erabakitzeko daude telebistentzako laguntzak. Urri alderako ematekoak dituzte. Nolanahi ere, dirua ez dute kolpean pagatuko. Zenbatekoaren %65 aurten bertan ordainduko dute, eta gainerako zatia, datorren urtean. Kreditu konpromiso bat egin du horretarako Jaurlaritzak.

Bi eguneroko gutxiago

Eguneroko kazetetan, sei hedabidek dute laguntza. Iaz baino bi gutxiago dira, Oarso Bidasoko Hitza eta Irutxuloko Hitza astekari bihurtu baitira. Diru sailari eutsita, hedabide guztiek dute iaz baino diru gehiago. Laguntza handiena BERRIAk du: 1.510.180 euro, iaz baino 61.000 gehiago. Aldizkarietan bada gorabehera gehiago. Eguneroko izateari utzi dioten bi kazeta horiek sail horretan sartu diren arren, denera iaz baino lau hedabide gutxiago daude aldizkarien sailean. Argia-k du zati handiena atal horretan: 352.653 euro, iaz baino 28.671 gehiago. Badira, hala ere, iaz baino diru gutxiago jasoko duten kazetak ere. Tokiko hedabideetan ere badira gorabeherak. Goiena taldeak du laguntzarik handiena, 193.000 eurokoa, baina 8.000 euro moztu dizkiote.

Irratiei dagokienez, lau etxek jasoko dute laguntza aurten ere, baina aldaketak daude zenbatekoari dagokionez: Arrate irratiari 2.791 euro gutxiago emango dizkiote, eta diru kopuru hori beste hiru irratien artean banatu dute. Atal horretan, Bizkaia irratia da laguntzarik handiena jasoko duena: 132.520 euro osotara.

Egoera aztertzen ari dira orain komunikabideak. Laguntzen kopuruari eusteaz aparte, izan dute abantaila bat aurten: urte bukaerari begira egon gabe, «ahalik eta azkarrena» eman dituzte laguntzak; urte hasieran egiteko asmoa dute hemendik aurrera. Barandiaran: «Urte amaierako estutasunek arazo handiak sortzen zituzten. Hobe da lehenago egitea».

Joan da aurtengoa. Ikusteko dago zer gertatuko den datorren urteetan, datozen urteetan. «Hurrengo urteari baino gehiago, hurrengo urteei begira gaude. Laguntzak, publizitatea, eskaintza eta kalitatea hobetzea... Horretaz guztiaz hitz egin behar dugu», dio Hekimeneko arduradunak. Itxaropena badauka elkar hartzeak «eragina» izaten jarraituko duela.

Diputazioetan ere eutsiz

Eusko Jaurlaritzak bakarrik ez, Gipuzkoako eta Bizkaiko diputazioek ere salbuetsi dituzte aurten mozketetatik euskarazko komunikabideak. Bizkaikoak, adibidez, eutsi egin dio euskarazko argitalpenak laguntzeko diru sailari. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere eutsi egin dio aurten euskarara bultzatzeko laguntzetarako aurrekontuari, baina %25 handitu du hedabideei laguntzeko saila, «lehentasunezkoa» dela iritzita.