Etxepare saria Nafarroako 16 toki entitatek, haien euskara zerbitzuen bidez, antolatzen dute. Aurten 29 lan aurkeztu dira. Epaimahaian Aitziber Raya (ilustratzailea), Idoia Sobrino (liburuzaina) eta Patxi Zubizarreta (idazlea) aritu dira. Saria 5.000 eurokoa da eta Pamiela argitaletxeak albuma argitaratuko du 2025eko udazkenean.   

Aitziber Raya ilustratzailea eta Gotzone Butron idazlea dira albumaren egileak.

Album hau erakargarria da begiekin gozatzeko, baina, gutxitan bezala, baita belarriekin entzuteko ere. Alde batetik, bikain eta neurritsu kontatuta dagoen istorio dibertigarria dakarkigu: ariak kantatzen aritzen den ama kantari bikain bat, animalietan ausartenak ere liluratzeko gai izateaz gain, egunerokotasuna itzulipurdikatzeko gauza dena –ederra da gizakiak eta piztiak harremanetan jartzea, biak mundu paraleloetan egokitu beharrean–. Eta, beste alde batetik, musika klasikorako gonbita eskaintzen digu, ausardiaz eskaini ere: argumentuaren haria partitura bat dugu oraingoan, Laura Esquivel idazleak La ley del amor nobelan egin zuen bezala, hiru kantu ditugu albuma irakurriz, ikusiz, eta entzunez goza dezagun. Gozatu: agian horixe da albuma ongien deskribatzen duen aditza, funtsean, egileek testu-ilustrazio eder eta bihurrien bitartez, orekan eta harmonian, horixe eskaintzen digutelako: gozamena. 
Orkestra zooragarria, izenak dioen bezala, zooragarria da. Musika eta fantasia maistraki elkarlotzen ditu, umorea ere txertatuz eta istorio dibertigarria bezain hezitzailea sortuz "pilula liburua" izatera iritsi gabe.
Irudiak oso onak dira, testuarekin guztiz bat datoz erabiltzen diren plano, tamaina eta kokapen desberdinak lana borobiltzen dutelako. Ipuinaren bukaeran, gainera, QR batzuk daude istorioan zehar aipatzen diren musika lanak irakurri bitartean aditu ahal izateko. Horrek irakurlea guztiz murgiltzen du eta gauza berriak ezagutzeko leiho bat irekitzen dio.
Interesgarria da baita ipuinean zehar egiten diren toki, hizkuntza eta kultura aniztasun keinu horiek guztiak ikustea, hori dena haurren heziketa ez tradizional batekin bateragarria dela erakustea, edo musika garaikidea zer den azaltzeko erabiltzen duen modu xume baina nahiko hortaz jabetzea. 
Espoilerrik egin gabe, haur guztiek etxean egiten ahal duten proposamen batekin bukatzen da ipuina eta hori orrialdeetatik kanpo fantasiarekin jolasean segitzeko gonbidapen zooragarri bat da.