Dagoeneko martxan da aurtengo Etxepare Saria. Nafarroako Toki Entitateetako Euskara zerbitzuek, urtero, antolatzen dute haurrentzako album ilustratuak sortzeko helburuarekin.

2004. urtean hasi ziren Nafarroako Toki Entitateetako euskara zerbitzuak Etxepare saria antolatzen, haurrentzako euskarazko literatura eta sormena bultzatzeko asmoz. Geroztik, urtero antolatu da saria, eta 2019 urteko oinarriak ere argitaratu dira.

Etxepare sarian 16 urtetik goitiko edonork har dezake parte, bakarka edo idazle eta ilustratzaileak osatutako taldean. Egileek nahi beste lan aurkeztu dezakete. Lanak, euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dira.

Lanak Leitzako Udalean, euskara zerbitzuan, aurkeztu behar dira. 2019. urteko maiatzaren 10a da lanak aurkezteko azken eguna.