Aurten ere erabateko arrakasta izan du Leitzako Haur txokoan eta tailerretan izena emateko deialdiak. Izan ere, guztira 130 lagunek eman dute izena udako jarduera horretan. 36k Haur txokoan, eta 94k tailerretan. 2020an bertan behera gelditu zen jarduera, pandemia zela eta, eta geroztik egindakoen artean aurtengoa da haur kopuru handiena bildu duena.
Jarduera uztaileko lau asteetan zehar eginen da, goizero, hiru edo lau orduko txandatan. Batzuk 09:00etan hasten dira, gainerakoak 10:00etan, eta 13:00ak arte irauten du. Dindaia fundazioa arduratuko da kudeaketaz, eta urtero-urtero bertako begiraleak kontratatzen ditu horretarako. Astez asteko programazio dibertigarria eta dinamikoa osatzen dute, Haur txokoko haurrentzat alde batetik (Haur Hezkuntzakoak), eta Tailerretako haurrentzat bestetik (Lehen Hezkuntzakoak).
Jarduera Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak, Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak eta Leitzako Udalak antolatzen dute.
Larraunen eta Lekunberrin hirugarren urtea da Ludoteka antolatzen dela. Guztira 87 umek eman dute izena. Urtetik-urtera kopurua handituz doa, horrek esan nahi du jarduerak arrakasta handia duela eta haurrek gustura parte hartzen dutela. Ludotekak uda osoa hartzen du, astekako txandak dira, 4-5 ordukoak. Dindaia Fundazioa arduratuko da kudeaketaz eta bertako begiraleak kontratatuko ditu jarduera garatzeko.
Jarduera Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak, Larraungo udalak eta Lekunberriko Udalak antolatzen dute.