Facebook Twitter
Argazkiak
Itzulpenak
Ahozko ondarea

Gogoetarako gaiak

RSS
2017-08-22
JOXEMARI MUXIKA ARRIETA

Iturria: ikusi

Euskararen etorkizuna hiztunen esku bakarrik?

Bosgarren aldiz egin dira Inkesta Soziolinguistikoa eta Kale Neurketa eta hauen emaitzekin gaur egungo euskararen erabilera maila ezagutu da. Euskararen jakintza goraka doan heinean erabilera ez igotzea euskaldunen erantzukizuna al da?

1.-Etorkizuna norbanakoen gain jartzea ez da egokiena

Hainbat azterketa fin egin dira, Garikoitz Goikoetxerena adibidez, baina hauetatik eratorritako ondorio eta diskurtsoetan euskararen etorkizuna hiztunen baitan jartzen da. Ez al da hau hipotesi okerra? Benetan norbanakoen esku ote dago etorkizun hau? Sistemaz gaztelaniaz funtzionatzen duen gizartean nola bizi euskaraz? Egiturak edo erakundeek erdaraz funtzionatzeak ez al du inpakturik? Hipotesi hau ez al da euskaldunen alienazioaren eragina?

Euskararen erabilera garatu bada, euskaltzaleei esker izan da, baina lan honen haziak fruitua emateko aukerak mugatuak izan dira. Erein eta gero askotan ingurua elkorra izan da, maneiatu gabea, inguru osoaren funtzionamendua erdarazkoa izan baita. Egoera honetan oso zaila da fruitua garatu edo emaitzak lortzea.

Askori atzerriren baten zehar ibili eta hizkuntza berriak ikasteko motibazioa sortuko zitzaion, baina beharrezkoa izan ez duen bitartean ikasi al du?  Erakundeek jartzen dute beharra.

"Euskaldunen erabilera da gakoa" esaten da, baina ez da hain ziurra, izan ere erakundeen funtzionamenduak hizkuntzen erabilera baldintzatzen baitu. Euskaldunek erabiltzea gakoa izango da, baina gizartean txertatzekotan beharrezkoa da erakundeek euskaraz funtzionatzea, bestela euskarak periferian jarraituko du.

Salbuespen bakan batzuetan ezik erakundeek ez dute euskaraz funtzionatzeko konpromisorik hartzen.

2.-Ekosistemaren eragina. Zein da lan-hizkuntza?

Zein aukera dago euskara erabili ahal izateko? Izan ere hiztunak euskara erabiltzeko aukerarik ez badu, hau ezinezkoa da. Auzi hau dakar gogora Belen Urangaren artikuluan erabili ahal izateko hiru baldintza bete behar direla irakurtzeak: jakitea, aukera izatea eta motibazioa. Bernadette O’Rouke irlandar hizkuntzalariak gaelieraren inguruan Berrian dioen bezala, “Hiztunek borondate handia eduki dezakete hizkuntza erabiltzeko, baina ingurua ez bada mesedegarria, ezingo dute. Horregatik, hiztunek aukerak eduki ditzaten, espazioak sortu behar dira”.

Lehen euskara elkartearen (AED) sorreratik bertatik argi izan zuten hiztunek euskara erabili ahal izateko “aukerak” behar zituztela. Elkarteak sortzetik euskara hartu zuen jarduera hizkuntza moduan eta berehala hasi zen aisia, kirola, kultura, tokiko hedabideak (AP, ATB) eta hauen iragarkiak euskaraz edukitzeko antolatzen eta eskaintzen.Inkesta hauetan ez da egin analisirik erabilera aukeraren inguruan eta Berrian agertutako hainbat artikulutan ez da aipatzen gai honen muina. Iritzi emaileei ziurrenik bururatuko bazitzaien ere, ez du inork adierazi. Zer da agertzen ez dena? Adibidez, lan-hizkuntza euskara izatea arnasgune ederra izango litzatekeela, baina erakundeetan lan-hizkuntza moduan euskara erabiltzeko aukera gabezia ez da aipatzen.

Jasone Mendizabalek dioen moduan, zaila da “ekosistema erdaldun” batean euskarak lekua izatea. Honetaz gain gaur egun euskara erdararekin parekatzeko beste leku egitea ez dela posible erantsi daiteke.

Nabarmena da ekosistema erdalduna dela, lantokiez gain (lan-hizkuntzaz, ez lankide arteko erabilera informalean) beste inguru hauetan bizimodua egiten dutenentzako ere: herri eta hiri handiak, hainbat kirol federazio, aisialdiko eremuak, telebista kateak, smartphoneekin, eliza, irakaskuntza maila gehienetan, justizia administrazioa, notariotza, Osakidetza, Ertzaintza, zinema, musika kontzertu edo antzerkiak... erakunde guzti hauetan gaztelera gailentzen da.

Zergatik, euskararen ezagutza igotzen eta euskararen ingurunea zabaltzen ari denean, kalean gutxiago egiten da? Ba al duzu erantzunik? Gustatuko litzaidake erantzuna duzun horrek hitz egingo bazenit...” dio Eneritz Urkola-k  2017ko uztaileko 723. Atarian.

Galdera honen harira, kontuan izanik urte batean pertsona batek loaz kanpo (3.000 ordu) bizitzaren ia erdia lan ingurunean pasatzen duela (2.500 ordu), arraroa egin zait Berrian irakurritako hamabost bat artikuluetatik gehienetan lan-hizkuntza zein den aipatzea ahaztea. Zein da zure lan-hizkuntza? Lan-hizkuntzak zuzenean hartzen duen denboraz gain, ekosistema horrek pertsonaren bizitzan zentralitate handia du eta erdarei prestigio motibagarria ematen die.

Honetaz ikerketarik balego, emaitza jakiteko eta aztertzeko modukoa litzateke. Halakorik ez badago, hau beharrezkoa litzateke Etxepare institutuko Garbiñe Iztuetak 723. Atarian dioen bezala “erabilerak behera egiteko hainbat faktore daude ... aztertu beharrak daude neurriak hartzeko” edo Miren Dobaran-ek 2017-06-23 Berrian "Erabilera da orain kezka: zelan jarriko ditugun euskaraz lan egiten" azaltzen duen moduan, lantokiez hari dela interpretatzera emanez.

3.-Arnasguneen adibidea

Debagoienan lau udalerri daude UEMA elkartean: Antzuola, Aramaio, Bergara eta Oñati. Zer sartzen da arnasgunean? Arnasguneen arazoa etxebizitza berrietara datozenak omen dira, batez ere herri txikietan. Baina lau udalerri horietan dauden lantokietatik, lau udalez aparte, euskara lan-hizkuntza duen enpresa bakarra da ezaguna, Elay. Bakar batzuetan euskalduntzeko egitasmoak garatzen ari ei dira, baina funtzionamendu orokorra gaztelaniaz da. Hau ikusita zer ulertu beharko genuke arnasgune moduan?Beraz arnasgune izendatzen ditugun herri hauetan, bertan diharduten erakundeen erdalduntze eragina dago, gehienek gazteleraz funtzionatzen baitute.

Ikerketa baten bidez herri bakoitzeko erakundeetan lan-hizkuntza zein den  zehazki jakitekoa litzateke, zein neurritan ote den euskara lan edo jarduera hizkuntza.

4.-Ondorioa

Euskara erabilera garatzen ari bada, euskaltzaleei eta batez ere euskara hiztunei esker da. Hiztunek jada nahiko ardura dute eta hauen gaineko presioa areagotu beharrean statu quoaren baitan diharduten erakundeak bere lekuan jartzen hasteko unea da. Bada garaia erakundeek euskaraz funtziona dezaten eta hauen lan-hizkuntza euskara izan dadin eskatzeko ahaleginari ekiteko.

Argi eduki behar da euskararen erabilera garatzeko traba handiena kapitalismoaren inperio kulturala dela, honek gaztelania (edo frantsesa) ezarri baitu estatu mailan eta honenbestez euskarak traba egiten die, hangoei eta hemengoei.

Euskara hiztunen bazterketa erakundeak euskaraz funtzionatuz eta euskaldunek euskara erabiliz zuzenduko da. Honetarako lehen pausoa erakundeetan lan-hizkuntzaren azterketa egitea litzateke.

atzera
 

Erantzun artikulu honi

*
*
*

* dutenak derrigorrez bete behar dira.

Udalerriak

AGENDA

< Urtarrila 2018 >
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
31
 
 
 
 

IPARMANK 2.0

Facebook Twitter

2011 Iparmank :: Nafarroako Iparraldeko Mankomunitatea

Lege oharra | Irisgarritasuna | A | xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta