Facebook Twitter
Argazkiak
Itzulpenak
Ahozko ondarea

Gogoetarako gaiak

RSS
2017-04-04
Felix Altzelai Iriarte

Iturria: ikusi

DOMINO EFEKTUA

Eskualde ez-euskalduneko hainbat udalek eskualde mistora pasatzeko egin duten eskariaren harira

 

Gaizki deituriko “demokraziaren aroak” akats nabarmenak izan ditu bereziki Nafarroan hasiera-hasieratik. Horren adierazgarri, bi adibide besterik ez: Nafarroako autonomia estatutua izan daitekeen eta nafarrek bozkatzerik izan ez genuen “Amejoramendu” delakoaren legea eta “vascuence” delakoaren legeak inposatu zigun zonifikazioa.  Lehenengo legeak hizkuntza ofizialaren maila aitortzen dio Euskarari, baina soilik Nafarroako eskualde euskaldunetan; bigarrena, berriz, eskualde horiek udalerri batzuetara mugatu eta zehaztu egin zituen.

 

Euskararen Legeak berak dioen bezala, Euskara Nafarroako berezko hizkuntza da, eta “Botere publikoek beharrezko diren neurriak hartuko dituzte hizkuntza dela-eta herritarrak diskriminaturik izan ez daitezen”. “Aldaketaren Gobernuak” lege hori  aldatzeko 2015ean onetsi zuen Legearen zioen azalpenean, “eskualde mistoan” eta “ez-euskaldunean”euskaraz ikasteko aukeraz ari dela, honela dio hitzez hitz: ez dago inolako arrazoirik herritarren eskubideak eremu batetik bestera alda daitezen, hizkuntza-ofizialtasunaren araubidea berbera baita bi eremu horietan”.

 

Horrela zuzendu zen, besteak beste, neurri batean,  Lege horrek urtetan ahalbidetu zuen eta UPNk sekula aipatzen ez duen beste bidegabekeria bat, hain zuzen ere, Nafarroako eskola publiko guztietan ingelesa ikastea derrigorrezkoa zen bitartean, euskarazko derrigorrezko irakaskuntza ezinezkoa baitzen eskualde “ez-euskalduneko” eskola publikoetan.

 

Euskalgintzatik, behin eta berriz aldarrikatu dugu zonifikazio hori gainditu eta nafar guztioi hizkuntza-eskubide berberak aitortuko dizkigun legea, zeinaren bidez Euskara ofiziala izanen baita Nafarroako lurralde osoan. Aldarrikapen horri uko egin gabe, pozgarria da ikustea udal batzuek Legebiltzarraren aurretik doazela eta, de facto, zonifikazioa gainditzeko pausoak ematen ari direla, nafarron hizkuntza-eskubideak aitortzen ez duen eskualde “ez-euskalduna” utzi eta “mistora” pasatzeko.

 

Bada, bururatzen zait, mugimendu horrek “domino efektua” eragin beharko lukeela, eta eskualde mistoan dauden udalerriek eskualde euskaldunera pasatzeko erabakia hartu beharko luketela. Arrazoi objektiboak daude, gainera, pauso horiek emateko; izan ere, Iruñerrian dago euskaldun kopururik handiena eta euskarazko irakaskuntzaren bitartez euskaldunen kopurua handituz doa ikasturtez ikasturte. Legeak, beraz, instituzio publikoak euskaldun horien hizkuntza-eskubideak bermatzera behartu behar ditu, eta haien seme-alabendako euskarazko irakaskuntza aukeratzen duten milaka gurasoei horretarako aukera eman behar die. Azkenik, alderdi politikoak mugitzen ez badira, efektu horrek berak bultzatu beharko ditu behingoz zonifikazioaren okerra zuzentzera, eta euskara benetan nafar guztion hizkuntzatzat aitortzera.

Gure eskualdeari dagokionez, egun eskualde mistoan dauden Atetz eta Odietako udalerriek aukera ezin hobea dute erabakia hartu eta eskualde euskaldunean sartzeko; batetik, bailara hauetako haur eta gazte ia guztiek euskara eta euskaraz ikasten dutenez, euskaldunen kopurua ikasturtez ikasturte handituz doalako; eta, bestetik, udalek baliabide nahikoak baitituzte aldaketa handirik gabe Legeak eskualde euskalduneko herritarrei aitortzen dizkien eskubideak eta udalei agintzen dizkien betebeharrak betetzeko. 

atzera
 

Erantzun artikulu honi

*
*
*

* dutenak derrigorrez bete behar dira.

Udalerriak

AGENDA

< Urtarrila 2018 >
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
31
 
 
 
 

IPARMANK 2.0

Facebook Twitter

2011 Iparmank :: Nafarroako Iparraldeko Mankomunitatea

Lege oharra | Irisgarritasuna | A | xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta