Facebook Twitter
Argazkiak
Itzulpenak
Ahozko ondarea

Ba al zenekien?

Leitzan 1962an bando bat irakurri zutela amek seme-alabekin euskaraz egitea debekatuz?

Euskaltzaindiaren dokumentazio gunean dauden agiri batzuek diotenez, 1962. urtean Leitzan bando bat irakurri zuten amek seme-alabekin euskaraz egitea debekatuz. Lehendabiziko agiria gutun bat da, Eibarko Club Deportivoko Frantzisko Larrañagak Euskaltzaindira bidalitakoa. Gutun horrek azaltzen duenez, mendizale batzuk, 1962ko urriaren 7an Leitzara etorrita, atabalaren hotsa entzun eta albintearen bandoa entzutera hurbildu ziren. Zer esango albinteak, eta debekatuta zegoela “amek haurrei euskaraz egitea, ikasketetan kalte egiten zuelako”. Gutunean hitzez hitz dioenez: “Prohibición de que las madres hablaran en vascuence a sus hijos, ya que con ello dificultaban la enseñanza”.

Hori ikusita Iruñear batek, nonbait, alkatearengana joan eta bandoaren inguruan galdetu egin zion. Alkateak, sorbaldak altxatuz, “akaso mojen kontua izanen da” esan omen zion. Euskaltzaindiari eman zioten honen berri mendizaleek, eta bazekiten Bianako Printzera ere iritsi zela horren salaketa.

Euskaltzaindiko lehendakariak, salaketaren berri izan ondoren, gutun bat bidali zion Leitzako alkateari, horren inguruan galdetuz. Honela dio gutunak (jatorrizkoa gaztelaniaz dago):

“Euskaltzaindira iritsitako berrien arabera, urriaren 7an herri horretan bando bat irakurri zen,  “seme-alabekin euskaraz egiteko debekua” jakinarazten zuena, “horrekin umeen ikasketei kalte egiten zitzaiolako”.

Ez dago esan beharrik nolako harridura sortu duen berri horrek erakunde honetan. Hain handia da harridura, sinesteko lanak ere ematen dizkigula. Pasiorik handieneko momentuetan ere ez da herri honetan horrelako bando bat eman. Bando horrek min handia egin behar izan die hain euskalduna den Leitzako herritarrei. Euskal Herri osoak, Akademia honek eta bereziki gure bertako hizkuntza gordetzen hainbeste saiatzen ari den Nafarroako Diputazioak partekatuko duten mina.

Gertatua egia ez balitz, hala dela jakinaraztea eskertuko genizuke, herriaren izan ona gorde dadin. Baina, zoritxarrez, egia balitz, espero dugu agintari horrek beharrezkoak diren neurriak hartuko dituela, ez bakarrik debeku lotsagarri hori atzera botatzeko, baizik eta baita ere herri noble hori bultza dezan bere arbasoen hizkuntza maitatzen jarraitzeko.”

Euskararen zapalkuntzaren beste zipriztin bat da, baina esanguratsua. Bistan denez, eta zorionez, Leitzako amek ez zuten bandoak agindutakoa bete, kasu gehienetan behintzat seme-alabei euskaraz egiten jarraitu baitzieten, gaurko eguna arte.

 

atzera

Udalerriak

AGENDA

< Abuztua 2019 >
 
 
 
1
2
5
7
9
10
11
12
13
14
15
16
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
31
 

IPARMANK 2.0

Facebook Twitter

2011 Iparmank :: Nafarroako Iparraldeko Mankomunitatea

Lege oharra | Irisgarritasuna | A | xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta